Manu Leguineche ARRATZUKO SEME KUTUNA

Arratzuko Udalean maitasun berezia diegu Manu Leguineche eta honen familiari, bereziki harro gaude gure seme kutunaz. Arratzun beti dugu gogoan gure auzotar abenturazalea, egun batean Belendizetik mundura irten eta kazetari handia izateko ametsa egia bihurtu zuena.

Josu Sabin Olano, Arratzuko alkatea.

Manu Leguineche kazetaria Arratzuko Belendiz auzokoa zen, eta, bere burua definitzeko eskatzen ziotenean, gizon xumea, bere lurrarekin lotura estua zuena eta lagunen laguna zela esaten zuen. Bidaiaria eta ameslaria, kazetari handia izateko ametsa ederki bete zuen. Ez zekien toki batean egoten; bere bizitzan zehar urruneko herrialde exotikoen berri eman zigun eta herrialde horietako bizipenak eta istorioak kontatu zizkigun, irakurleen zorionerako.

Manu Leguinechek gertutik bizi izan zituen hainbat gatazka beliko: Iran, Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan eta Nikaraguakoa, esaterako. Erreportari ausarta, bokazio handikoa, txikitan edo gaztaroan Belendizeko paisaian amesten hasi zenetik. Colpisa eta Fax Press albiste-agentziak sortu zituen, hainbat komunikabidetan aritu zen lankidetzan eta gerrako berriemaile bikaina izan zen.

Bere ibilbide profesionalean sari ugari lortu zituen, kazetaritzan egin zuen bide bikainari esker. 2007an Euskal Kazetaritzako saria jaso zuen, 2008an Euskadi Literatur Saria eman zioten El club de los faltos de cariño eleberriagatik, eta urte horretan bertan Bizkaiko Foru Aldundiak “Bizkaitar Argia” izendatu zuen; estatu mailan ere beste hainbat sari lortu zituen.

Arratzuk maitasun handiz du gogoan Manu Leguineche, eta, seme kutun izendatzeaz gain, 2008an herriko armarria eta “aginte makila” eman zizkion.

Kazetari eskuzabala izan zen; Arratzuri eta Gernikari eman zien bere obraren zati bat, eta duela gutxi bere familiak eta lankideek kazetariaren argitalpenen 34 ale eman dizkiote Arratzuko udal liburutegiari. Ale hauek mundu osoarentzat eskura daude Arratzun; izan ere, gure udal liburutegia Euskadiko Liburutegi Sarean (e-liburutegian) sartuta dagoenez, ale horiek mailegatu eta kontsultatu egin daitezke beste liburutegi batzuetatik.